XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ustegabeko bisitak

Bizitzari ahal diogun etekin guzia atereaz bizi garela uste dugu.

Hori da konformismoa.

Baina nostalgia ustegabeko bidaiaria da, eta gure defentsak atsedenaldian harrapatzen ditu beti.

Atzo goizean aspaldian usatu gabeko alkandora bat jantzi nuen eta goiko poltsikoan zerbait gogorra sumatu nuen.

Nork ez du sentitu noizbait arropa zaharrak arakatzeko tentazioa?

Informazio handia eman dezakete patriketako gauza txikiek.

Baina norberaren arropa zaharretan agertzen direnek norberaren bizitzak izan zituen une on eta txarren oroitzapena jartzen dute martxan.

Nere patrikan Zumaiatik Bilborako tren txartel bat zegoen, duela urte asko unibertsitatera joateko egiten nuen bidea, eta Algortan Oskorrik eskainitako kontzerturako sarrera bi.

Zeinekin joan ote nintzen antzokiaren ilunpera?

Garai hartan bizitzari ezer eskatu gabe bizi ginen, nahikoa zen lagunekin ibiltzea, apunteen atzealdean neskaren izena idaztea edota zelai batean etzanda bokadilo bat jatea.

Arratsaldean txorizo panplona erosi nuen eta, bat-batean, oso ezaguna egin zitzaidan usain hura, eta ez zen txorizo usain hutsa, baizik oroitzapen baten lurrina.

Umetan eskolan genbiltzala, txorizo hura, berbera, marka igualekoa, eta ez beste bat, jaten genuen errekreotan.

Ingurura begiratu nuen eta noski, haurtzarako ikastetxe ondoan nengoen, eta justu denda hartan erosten genuen ogiartekoa.

Denda haren aurrean bertan egindako borrokak gogoratu nituen, zabalik zeuden autoetatik ahal genuena lapurtu eta eskolara, maisuak enteratu baziren edo, eramaten nuen ikara sentitu nuen, eta berriro pasa nahi ez nukeen sasoi bat zela pentsatu nuen (...).